Ingurua

Lesaka ingurua

Lesaka Bortziriak izeneko eskualdean, Nafarroa iparraldean, kokatuta dagoen herria da. Mendiz inguratuta, itsasoa eta Donostia nahiz Iruña bezalako hiriak ere hurbil dauzka. Izan ere, iparraldean, Bidasoa ibaia tartean duelarik, Bera herriarekin eta Irunekin (Gipuzkoa) egiten du muga; ekialdean Etxalarrekin; mendebaldean Oiartzunekin (Gipuzkoa); eta hegoaldean, Igantzi, Arantza eta Artikutzarekin. Hauez gain, nahiz eta muga-mugakoa ez izan, udalerritik metro gutxira Ipar Euskal Herria aurki dezakegu.

Bidasoa ibaiak zeharkatzen du Lesakako paisaia isila. Bidasoatik eskuinera, Iruñetik Irunera doan errepidea dago; ibaitik ezkerrera, berriz, erdi ezkutaturik, “Tren Txikito” zaharraren arrastoak ikusten ahal dira, garai batean Bidasoako trenbidea zena, eta hainbat eta hainbat kontrabando-ibileraren eta bertzelako istorioen lekuko izan dena. Gaur egun, ibilbide hori Bidasoako Bide Berdean bihurtu da, Oronoz-Mugairitik Irunera doan 42km-ko ibilbide laua, baserriz eta larre berdeez inguratuta, guztiz aproposa oinez edo bizikletarekin txango bat egiteko.

Zonaldean, Lesakatik gertu, Hondarribia, Hendaia, Donibane Lohizune, Elizondo edota Zugarramurdi bezalako herri bitxi eta xarmantak aurki ditzakegu. Honez gain, natura-baliabideak ere ez dira falta inguruan: hala nola, Xan Juan Xar, Bertizeko Jaurerria, Leurtzako Urtegiak, Xorroxin Ur-Jauzia, etab.

Mendia eta natura etxeko atarian izanik, hondartza ere autoz bakarrik 20 minutura dauka Lesakak. Donostia 30 minutura, Iruñea ordu batera eta Bilbo ordu eta erdira. Gainera, zonaldetik gertu bost aireportu dauzka: hala nola, Donostiakoa (20min), Biarritzekoa (35min), Iruñakoa (1h), Bilbokoa (1h30min) eta Gasteizkoa (1h30min).

Bizibide Lesaka

Bizibide ez da mendiko bizikletentzako ibilbideak bakarrik. Bizibide gure naturaz eta mendiez gozatzeko aitzakia da, bizikletan ibiltzeko gure barruan daukagun gogoa, bizikletak sustatzen duen bizimodu osasuntsu eta aktiboa, altxor preziatua den gure ondare aberats hori balioan eta indarrean jartzen duen proiektua, gure arbasoen bizimoduaren islada. Azken finean hori guztia da Bizibide; bizitzeko modu bat, gure bizibidea.

Historian atzera egitean, herri honek bizi izan dituen gertaerez eta jasan dituen bilakaerez jabetzen gara. Batetik Aiako Harrian itzalean, Burni Arotik gaur egun arte meatzaritzarekin izan duen harremana agerikoa da. Honek mundura ateak ireki dizkio eta bertze hainbat jarduera martxan jarri ere.

Basoen kudeaketan zuzenki lotua dago burniaren transformazioarekin, baita errekak eta burdinolak ere noski. Ikaztegiak, txondorrak…

Lehenengo itsas espediziotako itsasontziak Lesaka bezalako herrietatik hornitzen ziren. Itsasotik hurbil egoteagatik, baina baita ere eremu hauek ekoizten dituzten zura, hiltze, sagardo eta bertze hainbat hornidurengatik.

Harreman hauek guztiak herriaren izaera zizelkatu dute eta honi mugan egoteak suposatzen duena gehitzen badiogu, Lesakak izan dituen bizipen zein eraginek kultur aberastasun handia ekarri dute. Kokapen estrategikoa izan du Lesakak mendez mende eta guzti honek utzi duen arrastoa berraurkitzeko garaia da; izan ere, herriak izan duen bizi-bideak eta herritarren bizimoduek, gure bizibidea erakutsi digute.

Bizibide
Kirola

Kirola

Lesakan betidanik izan du kirolak garrantzia handia eta urtean zehar, Lesakako Mendi Itzulia, Lesakako Mendi Lasterketa edo Lesakako BTT Itzulia bezalako ekitaldi ezagunak antolatzen dira. Txirrindularitzaz eta lasterketaz gain, futbolak eta sokatirak ere garrantzitsuak dira herrian, Beti Gazte elkartearen eskutik. Izan ere, sokatira taldeak, esaterako, munduko txapelketetan urrezko dominak eskuratu izan ditu bere historian zehar. Azkenik, neska-mutil ugari ibiltzen dira ere pilotan Lesakako frontoian, Arkupe Pilotazaleen Elkartearen eskutik.

Txirrindularitzari begira, 1986.urtean Beti Gaztek Txirrindularitza Eskola sortzen du lehendabiziko aldiz, 9-15 urte bitarteko 22 haurrekin. Hauek eskualdeko bertze eskolekin batera lehian aritu ziren urte batzuetan (Baztan, Malerreka, Bidasoa, Leitza). Honez gain, 2014 urtean Salvador Yanciren heriotza zela eta (2013ko abendua), elkarteko lehendakari urte askotan izateaz gain, txirrindularitzarekin asko inplikatu zen pertsona, bere omenez martxa zikloturista bat antolatzen hasi zen, ez lehiakorra. Hau, maiatzaren lehendabiziko asteetan ospatzen da Lesakako plazatik abiatuta, eta bertan bukatuta. Bertzalde, 1991. urtean antolatu zuen Beti Gaztek lehen aldiz Lesakako BTT Itzulia. Lau urte geroago egiteari utzi zioten, baina 2008an berriz antolatzen hasi ziren. Irailako hirugarren igandean ospatzen da normalean eta bi ibilbide-moten artean aukeratu daiteke: gogorrena 42km eta 1.800m-ko gutxi gorabeherako desnibela duena; bertzea, errazagoa, 28km eta 1.000m-ko desnibela.

Futbolak ere garrantzia handia dauka Beti Gazte elkartean. Esaterako, aurten historian lehenengo aldiz, talde nagusia hirugarren mailan jokatzen ari da. Kirola aldatuz, sokatiran ere hagitz trebeak dira lesakarrak. Izan ere, 1992an taldea sortu zenetik, munduko txapelketetan 4 urrezko domin, Nafarroako txapelketetan 33 txapel eta Euskal Herriko txapelketetan 9 txapel lortu dituzte. Azkenik, neska-mutil ugari ibiltzen dira ere pilotan, Arkupe Pilotazaleen Elkartearen eskutik.

Ondarea

Lesakako herriaren eta honen ondarearen aberastasuna ezin dugu ukatu. Ondare-baliabide ezberdinen balioa oso altua da eta hauek bost talde nagusitan banatu daitezke: natur-ondarea, historiaurreko ondarea, kultur-ondarea, ondare zibila eta eliz-ondarea.

  • Trenbide Zaharra: Bidasoa bazterretik doan ibilbide arrunta. “Tren Txikito” zenaren plataformatik pasatzen da; 1916. eta 1956. urteen artean ibili zen hura.

 

  • Frain (486m): Mendi-txango erraza. Lesaka eta Bortziriak ikusteko toki paregabea.

 

  • Unanue (650m): Mendi-txango erraza. Bortziriak ikusteko parada bikaina ematen du. Arantzarekiko eta Igantzirekiko mugan dago.
  • Bianditz (840m): Lesakako mendirik altuena. Gipuzkoa ere ikusten ahal da handik.
  • Agiña (618m): Oiartzunera doan errepideari jarraituz, trikuharria eta tumuluak ikusten dira, baita aita Donostiaren omenez egindako estela eta aldarea ere.

 

  • Domikoko Urtegia: Agiñako mendi-lepoan, errepidea utzi, eta bide bat hartu behar da ezkerrera. Debekatuta dago urtegian bainatzea.
  • San Anton Urtegia: Oiartzungo errepidean dago. Jende asko bertaratzen da San Anton egunean (urtarrilak 17), baita hurrengo igandean ere. Urtegia eraiki zutenean, urpean gelditu zen San Anton auzoa zena. Debekatuta dago urtegian bainatzea.

 

  • Kopakarri (596m): San Anton gainean dagoen goragunea. Bide erraza; urtegia bete-betean ikusten da handik.
  • Aiako Harriak (832m): Bertatik Nafarroako eta Gipuzkoako ikuspegiez gozatzeko aukera dago.
  • Agiña: 600-200 K.a. aintzinekoak, Burni Arokoak diren hainbat eraikuntza eta jardueren aztarnak aurkitzen dira Agiñako eremuan; dolmenak, tumuloak, cromlechak, kokalekuak…  Inguruan Oteiza eskultoreak eginiko Aita Donostiaren monumentua, Vallet kapera eta estela batez osatua.

 

  • Olentzero: Ikazkin honek Lesakan bere jatorria duela diote. Horregatik, ez da harritzekoa pertsonai honek daukan garrantzia herrian. Abenduaren 24ean, Olentzeroen eta Jaiotzen Lehiaketa ospatzen da Plaza Zaharrean. Herriko kuadrilek eta talde ezberdinek Olentzero ezberdinak prestatzen dituzte eta hauek, denon artean, sorbaldaren gainean eramanda, bi gabonetako kanta abesten dituzte. Bukaeran, sari banaketa egiten da.

 

 

  • Besta Berri edo Korpus Eguna: XIII. mendean finkaturiko kristau-bestaburua. Antzina, oso garrantzitsua izaten zen Lesakan. Gaur egun, karrikak apaintzen dira, eta prozesioa egiten da. 
  • Diostesalbea: Abenduaren 31n, iluntzean, herri guztian barrena kanta zaharrak kantatzen aritzen da talde bat, Olentzeroren eguneko arropa jantzita. 
  • San Anton eguneko erromeria: Urtarrilaren 17an San Anton Eguna ospatzen denez, hurrengo igandean, San Antonera Erromeria egiten da, eta bertara Lesakako, Berako, Oiartzungo, Oreretako zein Irungo bizilagunak ermitara joaten dira, haien zaindaria ohoratzeko. San Antonen, mezak orduro izaten dira. Bitartean kanpoan hamaiketakoak alaitzeko trikitixa izaten da.
  • Bortzirietako Azienda Azoka: Nafarroako erregeengandik 1499an eskuratutako pribilegioari dagokio. Azaroaren hirugarren astearen inguruan ospatzen den Bortzirietako azoka da. Bertan salmenta ibiltaria, artisau azoka eta hainbat ekitaldi antolatzen dira egunean zehar.

 

  • Juanamenea edo Zarandia Apezpikuaren Etxea: 1687. urtekoa da Juanamenea; interesgarriak dira haren su-hesiak (Lesakako etxe anitzen ezaugarria). Lorategian, nahiz eta kanpotik ia ikusten ez den, dorre gotiko txiki bat dago. Etxe honetan, Zarandia apezpikua bizi izan zen; 1861. urtean hil zen, Huescako apezpiku zela. Gainera, Wellington dukeak ere etxe honetan lo egin zuela diote.

 

  • Zabaleta Dorrea: 1444. urtean egina, betebehar militarrerako eraikuntza da. Zabaletatarrek Behe Erdi Aroko jauntxo papera bete zuten Igantzitik etorri zirenean. 2009an burutu ziren azkeneko zaharberritze lanak eta antzinako itxura berreskuratzen saiatu dira.

 

 

  • Minddurenea Dorrea: Minddurenea dorretxea Lesakako eraikinik zaharrena omen da, XIV. mendekoa dela diote arkeologoek.

 

 

  • Herriko Etxea: Apaingarri gabeko eraikin barrokoa da eta XVII. mendean eraiki zen, herriko etxea izan zedin. Plaza Zaharrean kokaturik dago, isolaturik, eta garai hartako bertze eraikinen tipologiaren barnean dago. Kubo forma du eraikinak, eta horizontaltasunera jotzen du.

 

  • Salbatore Ermita: Lesakatik ordu laurdenera aurkitzen da San Salbatore Ermita, Lesakatik Bereau zubira doan errepidearen eskuinaldean. Ermita horretan, Pedro de Chagorenak, kapilautza bat sortu zuen 1629an.
  • Doloreetako Ama Birjinaren Komentua: Lesakako Doloreetako Ama Birjinaren komentua XVIII. mendeko komentu karmeldarra da, Arriola indiano pasaitarrak ordaindutakoa. Gaur egun, elizaren fatxada ikus dezakegu eta, bertan, nitxo zentralean, Juan Adanek eginiko Doloreetako Amarbirjina. Alboetan bi armarri daude: eskuinekoa Arriolatarrena da; ezkerrekoak Arriola, Zelarain, Bertiz eta Bordako armak biltzen ditu. 2013ko abendua geroztik alboko eraikinean Harriondoa Kultur Etxea kokatzen da.
  • Tourseko San Martin Eliza: XVI. XVII. eta XVIII. mendeetan egindako lanen emaitza da Tourseko San Martin Eliza. Hiru mendetan zehar egina izan arren, batasuna du elizak, bai kanpoaldean (barrokoa) baita barnealdean (gotiko berantiarra) ere. Barnealdean, aldare nagusiko erretaula nabarmentzen da, Tomas Jauregik egina; rokoko estiloko zenbait eskulturaz apainduta. Nafarroako Monumentuen Katalogoaren arabera, Nafarroako elizarik monumentalenetarikoa da Lesakakoa, eta katedralen antzeko dimentsioak ditu barnealdean.
Ondarea
Turismoa

Turismoa

Herri arkitektura hagitz eder eta zaindua duen Bortzirietako udalerria da Lesaka. Erreka, zubi eta iturri ugari ikusi daitezke herrigunetik. Mendiz inguratuta eta Onin erreka igarota, Lesakako herrialdea auzo ezberdinetan banatzen da: Alkaiaga, Auzoberri, Biurruna, Kaztapegi, Endara, Endarlatsa, Frain, Izotzaldea, Lesaka, Nabaz, Otsango, Zala eta Zalain.

Herriari buruzko lehen aipamenak 1203. urtekoak dira, badirudi XIV. mendearen lehen erdialdean sortu zela Lesakako herrigunea. Lesakak Gaztelako armadaren hainbat eraso, arpilatze eta sute jasan zituen urte ezberdinetan. 1499 urtean, Nafarroako errege-erreginak ziren Joan Albretekoak eta Katalina I.ak Lesakan hamabortzero merkatua eta urtero bi feria egiteko pribilegioa eman zien. Horrekin batera burdinolak ere ezarri ziren; hortaz, merkatu-feriei eta burdinolei esker, nabarmen egin zuen goiti udalerriaren garapen ekonomikoak.

Uztailean Lesakara hurbiltzeko parada ederra dago, Iruñean bezalaxe, hemen ere San Fermin bestak ospatzen baitira. Hango ekitaldi koloretsuenetako bat Onin errekaren ondoko petrilen gainean eta zubian egiten den dantza tradizionala da (Zubigainekoa).

Bizibide ibilbideak egitera etortzean, animatzen zaitugu gure herri lasai eta dotorea ezagutzera. Mota guztietako eskaintza turistikoak dituzu zure zain eta zure bisita jasotzeko irrikitan gaude.

Bikotearekin gaua pasatzeko apartamentuak eta hotelak, familiarekin bisitatzeko landaetxeak, lagunekin etortzeko aterpeak… mota eta prezio guztietako alojamendu-eskaintza aurkituko duzu Lesakan. Gainera, establezimendu guztiak txikiak, familiarrak eta lasaiak dira, modu horretan arreta pertsonalizatua eta ezinhobea bermatuz. Esteka honetan Lesakako lo egiteko establezimendu guztiak eta hauen informazioa kontsultatu dezakezu. Gainera, bizikleta-munduko zerbitzu extraren bat eskaintzen duten establezimenduek, Bike-noski! zigilua daukate. Ikusi zein diren!

Bizikleta txango luze eta neketsu baten ondotik, seguruenik egarria eta gosea agerian daudela. Kafetxo bat, freskagarri bat, garagardo bat edota pintxo, razio, menuak, karta-eskaintza daukaten kafetegi, ostatu eta jatetxeak aurkituko dituzu ere Lesakan. Aukera ezinhobea herriko eta zonaldeko gastronomia dastatzeko. Hona hemen Lesakako ostalaritza-eskaintza. Gainera, bizikleta-munduko zerbitzu extraren bat eskaintzen duten establezimenduek, Bike-noski! zigilua daukate. Ikusi zein diren

Harriondoa Kultur Etxearen eta polikiroldegiaren ondoan, Lesakako turismo bulegoa kokatzen da. Zubietan, Gabonetan, Aste Santuan eta udan egoten da irekita. Bertan, Bizibideri buruzko informazioa ere jasotzeaz gain, Lesakako eta zonaldeko informazioa daukazu eskuragarri. Gida tradizionaletan eta interneten agertzen ez diren txoko eta bitxikeri guztiak ezagutzeko aukera ezinhobea. Gainera, gela berean, dohainik Burdinaren Museoa bisitatu dezakezu ere.

Lesaka eta burdina eskutik hartuta batera joan dira gure historian zehar. Horren adibide dira esaterako herrian barna aurkitzen ditugun iturriak, zubiak eta arkitektura-baliabide ezberdinak. Honela, Lesaka herria bera, Burdinaren Etxearen osagarri den museo batean bihurtu da.

Antzina, burdinaren jatorria jainkoetan eta kondairetako pertsonaietan kokatzen zen. Hala ere, gizakiak eta batez ere lesakarrek baliabide natural hau ederki aprobetxatu eta erabili dute historian zehar. Izan ere, burdinolek eta lantegi siderurgikoek herriaren garapenean funtsezko papera bete dute.

Mineral hauek izan duten balorea gogora ekartzeko eta herriaren memoria eta izan duen bizimodua babesteko eta defendatzeko, burdinean oinarritzen den erakusketa hau bisitagarri dago Lesakan, turismo bulegoan, antzinako komentuan, Harriondoa Kultur Etxearen eta polikiroldegiaren ondoan. Zubietan, Gabonetan, Aste Santuan eta udan irekita. Sarrera dohainik.

Zer ikusi

Turismo bulegotik aterata, Lesaka herria ezagutzeko oinarrizko baliabideak bisitatzen dituen ibilbide autonomo bat proposatzen da.

Antoiu karrikatik hurbil 1770ean egindako komentua (1) aurkitzen da, Karmeldar Oinutsek Nafarroan izan zuten komentu nagusietako bat izan zen, obra Arriola Indiano pasaitarrak ordaindu zuen. Cuzcotik zilar landuzko zazpi kutxa bidali zituen Lesakara, komentua sortu eta behar bezala hornitzeko. Egun, eliza baino ez da zutik geratzen eta fatxadan, erdiko nitxoan Juan Adanek eginiko Doloreetako Amabirjina ikus dezakegu. Aldeetan, bi armarri: eskuinaldean, Arriolatarrena eta ezkerraldean, Arriola, Zelarain, Bertiz eta Bordako armak biltzen dituena. 2013ko abenduaz geroztik alboko eraikinean Harriondoa Kultur Etxea aurkitzen da. 

Minddurenea dorretxetik gertu, Juanamenea (2) edo Zarandia apezpikuaren etxea dago; su-hesia eta dorre gotikoa dituena. Etxe honetan Zarandia apezpikua bizi izan zen; 1861. urtean hil zen, Huescako apezpiku zela. 1687. urtekoa da Juanamenea eta interesgarriak dira haren su-hesiak (Lesakako etxe anitzen ezaugarria; etxeen kanpoaldera ateratzen diren paretak dira). Burdinazko zenbait egiturek sendotzen eta apaintzen dituzte teilatu-hegalaren euskarriak. Lorategian, nahiz eta kanpotik ia ikusten ez den, dorre gotiko txiki bat dago eta Wellington dukeak han hartu zuen ostatu. Cristobal Balenciagak ere etxe honetan egunak igarotzen zituen. 

Zarandia kalean Minddurenea dorretxea (3) aurkitzen da, seguruenik Lesakako eraikinik zaharrena, XIV. mendekoa dela diote arkeologoek. Orain dela urte gutti arte, baserri-itxura zuen dorretxeak; huntzak estalirik egoten zen orduan, eta ezaugarri bereziak zituen. Julio Caro Barojak lan batean baino gehiagotan marraztu zuen hura, dorretxearen jatorrizko itxura mantenduz. 

Lesakako San Martin de Tours Eliza (4) XVI, XVII eta XVIII. mendeetan eraikia da. XVIII. mendeko rokoko estiloko erretaulan Luis Carmonaren eskulturekin osatua dago. Nafarroako Monumentuen Katalogoaren arabera, Nafarroako elizarik monumentalenetarikoa da, eta katedralen antzeko dimentsioak ditu barnealdean. Errate baterako, izar-itxurako ganga gotikoa dago eliza osoan. Barnealdean, aldare nagusiko erretaula nabarmentzen da, Tomas Jauregik egina; rokoko estiloko zenbait eskulturaz apaindu zuen. Juan de Barrenetxea Agirre lesakarrak ordaindu zituen erretaula eta elizako bertze elementuak; Guatemalatik bidali zuen dirua. 

Arretxea karrikan, Matxinbeltzenea (5) etxea dago, gaur egun Bortzirietako Euskaltegia bertan dago. Antzina, ordea, mojen eskola izan zen. 

Ote karrikan Bordienea Jauregia (6) aurkitzen da. Bordienea XVIII. mendeko lau fatxada ezberdin dituen etxea da. Bistan dituen harrizko lanak biziki bereziak dira, eta haien artean ekialdeko leiho okerrak atentzioa ematen du, baita erreka gainean dagoen eta komun gisa erabiltzen zen dorre zirkularrak ere. 

Lesakako Plaza Zaharran Herriko Etxea (7) aurkitzen da. Herriko Etxea apaingarri gabeko eraikin barrokoa da, eta XVII. mendean eraiki zen. Kubo forma du horizontaltasunera joz; beheko aldean arkupea dauka. Plaza Zaharratik hagitz gertu Erdiko Errota (8) dago. 

Beheko Plazan, errekaren bi aldeetako petriletan, Zubigainekoa ohiturazko dantza egiten dute lesakarrek urtero, San Fermin egunean. Albistur eta Antoiu kaleek bat egiten duten tokian, Mikelenea (9) aurkitzen da. Etxe zahar horren bi ateetako bat gotikoa da eta IHS ikurra du; Lesakako hainbat ateburutan ere agertzen da marka hori. Albistur karrikara ematen duen zatian, esferaz apaindutako leiho gotikoak ditu etxeak. 

Beheko Plazan, Zabaleta Dorrea (10) aurkitzen da, XV. mendeko dorrea, 1444. urtetik aitzin eraikia, betebehar militarrerako eraikuntza dugu. Zabaletatarrak Behe Erdi Aroko jauntxoak izan ziren. Beheko Plazan Joanedrenea Jauregia (11) bistaratuko dugu. Jauregiak XVII. mendearen lehen erdialdeko ezaugarriak ditu. Aitzinaldean, berriz, zutabe toskanarrak, triglifoak eta erronboak, balkoiko atea, armarria eta goiko solaituko erdiko leihoa. Bere ondoan Eskol Ttiki (12) daukagu.

Lesakak pertsona guztientzako ibilbide turistikoak eskaintzen ditu, zonaldeko natura, lasaitasuna eta paisai-aberastasuna goza ditzazun. Egin klik hemen aukera desberdinak eta oinezko ibilbide bakoitzaren informazioa eskuratzeko.

Gaur egungo Bidasoko Bide Berdeak, antzinako “Tren Txikito”-ren trenbidetik Baztan-Bidasoa eskualdea gurutzatzen du. Bidasoa ibaiaren bazterrean joaten zen trenbideak Elizondo eta Irun elkartzen zituen, bide hau beti izan baita garrantzitsua Bidasoaldeko garapen eta kohesiorako.

Bidasoko Bide Berdea, Eurovelo europar sarearen barnean dago, 42km eskaintzen ditu eta Behobiatik (Gipuzkoa) Oronoz-Mugairira ailegatzen ahal da gaur egun, Baztan bailararen atariraino hain zuzen ere. Zalantzarik gabe, aukera ederra ematen digu bizikletaz nahiz oinez eskualdea ezagutu eta naturaz gozatzeko, izan ere, profil ia laua duen bide erraz eta atsegina da. Bidean zehar, baserriak eta larre berdeak ikusiko ditugu, herri xarmantetatik pasako gara eta Bidasoa ibaiaren inguruan xoko ederrak aurkituko ditugu.

Bizibide ibilbide neketsuen aurrean, eskaintza erraz eta familiarrago baten aurrean gaude. Plan ezinhobea lagunekin, familiarekin, haurrekin… modu lasaiean eta paisaia disfrutatuz bizikletan edo oinez egiteko.

“Oihanean Sentitu, bideak bertze ipuin” Baztan Bidasoa Turismo Elkarteak, hainbat udaletxeen laguntzarekin, pasa den uda honetan martxan jarri duen proiektua da. Bertan, zonaldeko herri bakoitzak ibilbide bat proposatzen du, 13 guztira, bakoitza dagokion ipuinarekin. Ibilbide errazak dira familiarekin, bikotearekin, lagunekin edota bakarrik egiteko, 4km-tik beherakoak eta desnibel baxuarekin. Ideia ibilbide hauek egitea eta puntu konkretu batean bakoitzari dagokion ipuina (kulturan, mitologian, tradizioetan… oinarrituta) irakurtzea da.

Liburuxkak Lesakako turismo bulegoan salgai daude 2€-ren truke. Euskaraz eta gazteleraz eskuragarri daude. Liburuxkaren bertsio digitala hurrengo estekan klik eginda deskargatu dezakezue: https://baztan-bidasoa.com/eu/oihanean-sentitu-bideak-bertze-ipuin/

Esperientzia interesgarria izanen zaizuelakoan, ongi ibili!

Negua aurreratu da Lesakan. Urte pila bat joan direnez halakorik gertatu gabe, bertako biztanleak ustekabean harrapatu ditu. Prestatu gabe dituzte egurra zein ikatza eta elurrak zeregina eragozten du. Bien bitartean, Lesakatik urrun samar, Olentzerok zirrara moduko bat sentitu du irakurtzen ari zenean, horregatik atera da kanpora norbait ote dabilen begiratzera.

Izarren distira ohi baino handiagoa da, eta haien distira hainbestekoa izateagatik begiak estali behar ditu. Badaki distira indartsu hori atzematen duenean mezu garrantzitsuren bat eman nahian ari zaizkiola. Eta oraingo honetan agindu diote Lesakako bizilagunen artean 12 ikatz zaku handi banatzea.

Zereginak zapuztu egin du. Aspaldian ez du pertsona bakar bat ikusi; ikazkin berezi samarra da, norberarentzat soilik lan egiten ohituta dagoena eta ez du izaten harreman gehiegirik jendearekin. Eta izarrek ohartarazi diote berarekin kontatu aurretik Lesakan probatu egingo dutela.

Olentzerok lortu behar du, kosta ahala kosta, hiribilduko biztanleek hotzik ez jasatea elurrak euren teilatuak eta kaleak estaltzen dituen artean. Bere misioan lagunduko al diozu? Ebatzi ibilbidean zehar aurkituko dituzun enigma bakoitza.

Nola jolastu:

  1. Koka zaitez Doloreetako Ama Birjinaren Komentu alboan gymkanari ekiteko. Bertan Turismo Bulegoa aurkitzen da.
  2. Mugikorrarekin karteletan dagoen QR kodea eskaneatu.
  3. “JUGAR” botoia sakatu.
  4. Hizkuntza aukeratu (EU-ES-EN-FR)
  5. Sarrera eta arauak irakurri

Zorte on!

Lesakako Udalak goi-denboraldian bisita gidatu ezberdinak eskaintzen ditu. Normalean, asteburuetan egiten dira, free tour moduan. Hurrengo asteetan zehar, 2022-ko denboraldiko bisita gidatuen informazioa argitaratuko dugu webgune honetan, Lesakako Udalekoan eta sare sozialetan. Egon adi!

Zer ikusi