Pasa den ekainaren 25ean Lesakako Udalak Bizibide proiektua aurkeztu zuen, mendiko bizikletarekin ibiltzeko ibilbideak eskaintzen dituena.

Goizeko 8:30etan eman diote hasiera Lesakan Bizibideren aurkezpen ofizialari. Harriondoa Kultur Etxean proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte prentsaurreko batean Ladis Satrustegui alkateak eta Asier Oses turismo teknikariak. Ondoren, 9ak aldera, 50 bat lagun elkartu dira Bizibideko ibilbideak estreinatzera. Bi taldetan banatuta, bi ibilbide ezberdin egin dira: mendi bizikleta ibilbide herrikoi bat (30km inguru eta 1000m-ko desnibel metatua) eta remonteen bidez lagundutako enduro ibilbidea (Basque MTB enpresaren gidaripean, 1200m-ko desnibel negatiboarekin eta 700m-ko desnibel positiboarekin). Hauek amaituta, denak batera egin berri den Bidasoko Bide Berdearen loturaren bidez, herrigunera itzuli dira. Plaza Zaharreko lunch-aren ondotik, kiroldegian dutxatzeko, aldatzeko eta bizikleta garbitzeko aukera izan dute.

Lesakako mendietan barna, XC ibilbideak (BTT) eta enduro ibilbideak sortu ditu Lesakako Udalak. Momentuz bost ibilbideen artean aukeratzen ahal da: Burdin Bidea, Ikatz Bidea, Burnaizegi, Enduro eta Akerbidea. 26km-tik 38km-ra arteko luzera dituzten ibilbideak dira eta zailtasunari begira, gorria eta beltza bezala kalifikatu dira. Bide guztietan zehar, Bizibideko logoa daukaten seinaleak jarri dituzte eta track-ak nahiz datu guztiak deskargatzeko aukera dago ere webgunean. Proiektua Nafar Gobernuaren dirulaguntza bati esker atera da aurrera.

Zerbitzuak eta bonoak:

Harrera-zentrua kiroldegian kokatzen da, Harriondoa Kultur Etxearen eta turismo bulegoaren ondoan. Bertan, zerbitzu desberdinak eskaintzen dira: hala nola, dutxak eta aldagelak, autokonponketa gunea, garbiketa puntua, bizikleta gordailua, spa eta igerilekuak eta autoa aparkatzeko gunea. Bizikleta garbitzeko eta konpontzeko guneak guztiz dohainik izango dira, baina bizikleta gordailuarengatik, spa-rengatik eta dutxarengatik ordaindu beharko da. Hala ere, azken hiru hauek dohainik edukitzeko aukera ere dago, Lesakako Udalak sortu duen sistema bati esker, bono batzuetan eta zigilu batean oinarritzen dena. Bisitariak horietako zerbitzu batengatik ordaintzerakoan, ordaindutako kopuruaren balioa daukan bono bat jasoko du. Bono hori Bizibide-zigilua daukaten Lesakako establezimenduetan erabili ahalko du eta bertan, bonoaren araberako deskontua egingo diote. Beraz, dutxa, spa eta igerilekua eta bizikleta gordetzeko zerbitzua dohainik atera daitezke, baldin eta Bizibide-establezimendu batean gastua egiten bada. Establezimendu hauen zerrenda webgunean eskuragarri dago eta baita bonoetan etortzen den QR kodea eskaneatuz. Gainera, hauek ere Bizibideko logoa daukan zigilu bat edukiko dute dendan itsatsita. Bizibide-sarean dauden establezimendu hauek, gutxienez txirrindularientzako zerbitzu gehigarri bat eskaintzen dute (adibidez, erreminta kit-a, bizikleta garbitzeko lekua, bizikleta gordetzeko lekua, botikina, elikagai eskaintza egokitua, etab.). Beraien eskaintza ere webgunean ikus daiteke.

Proiektu irekia:

Bizibide proiektua ez da inolaz ere zerbait puntuala izango, proiektuak potentzial handia daukala adierazi du Ladis Satrustegui alkateak eta guztiz irekia dagoela. Izan ere, Lesakako Udala, bizikletarekin lotuta dagoen mugikortasuna eta kirola sustatuz, lanean ari da jada Bizibide proiektuari jarraipen bat emateko eta hurrengo hilabeteetan berrikuntzak sartzeko.

Azkenik, Lesakako Udalak eskerrak eman nahi dizkie auzolanean aritu diren pertsonei, komertzioei, ostalariei, alojamenduei eta Basque MTB-ri.